XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sarriago egin beharko geunkeazan halakoak, bai.

- Hemen badakik, umeen gauzarik ezin egin pertsona helduak.

- Onofrek ez du gai sakonik nahi eta Luisen ezusteko batean eskuin eskua bekokian ezarriaz hondorantz sakatu du, sendo.

Laguna han behean desagertu da, segundu batez, itolarrian gainazaltzeko laster.

- Ni beti lutoz ezta? - umoretsu esan dio, bien arteko adiskidetasuna hozteko atxakia izan zuten kanposantuko elkarrizketa, Hi Onofre beti lutoz esan zion artean lagun zuenak, gogora eraginez, arnasa oztaka hartu ahal duen Luisi.

Barre egin dute.

- Baina hondokarriak egitea be badaezpadako umore modua dok - diotso Luisek eztul artean - .

Jakin nijuan zelan lagundu heutsan Juaneri herritik alde egiten.

Oraingoan Onofre bera izan da itotzeko bidean egon dena.

Adoreak huts egin dio.

John Ingelesaren aipuak txapelokerraren heriotza ekarri dio zagan burura.

- Eta? - esan dio, irtenbiderik gabe bere burua etsaiez inguraturik ikusten duen katuaren modura, erpe egiteko prest.

Luisen karkaxak deslekuturik utzi du.

Igerian izurdeak baino trebeago egin dio ihes, janzkiak dituzten alderantz.

Onofre hara ailegatu denerako Luisek aldean ditu prakak.

Laguna erdi jantzita eta bera erabat biluzik egoteaz gain gorantz begiratzera beharturik, zutik begira bait du han berak uretatik urtetzeko ahalegin traketsak egiten dituen bitartean, Onofrek epaimahaiaren aurrean ikusi du bere burua.

- Mesede galanta egin heutsoan kausari - eguzkiak urezko garau apur batzuk baino ez ditu utzi lurrun bihurtu gabe Luisen azalean.